Garbi dago Jaungoikoa apaizen bila dabilela gaur ere gazteen artean

Diego Zalbidea diakonoa maiatzean apaiza izateko prestatzen ari da

Konta iezaguzu nola izan den zure ibilbidea apaiz izatea erabaki arte

Nire lehenengo heziketa San Patriziori, Getxoko Karmengo Agustindarrei, Areetako haurtzaindegi bati eta, batez ere, Leioako Gaztelueta Ikastetxeari zor diet eta, neurri batean, nire bokazioa ere bai. Batxilergoa bukatu nuenean Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Ekonomikoko ikasketak burutu nituen.

Erromako oroitzapen asko izango dituzu

Erromara Teologia ikastera abiatu nintzen arte, Bilbon bizi izan naiz. Unibertsitateko irakasle batek bera ere Erroman izana zela aitortu zidan, eta urte gogoangarriak izan zirela berarentzat. Motz gelditu ziren nire ametsak. Izan ere, 2000ko Jubileua Erroman bertan bizitzeko aukera izan nuen eta ez dut nire bizitzan ahaztuko.

Harrigarria da Aita Santua bertatik ikustea, egunero, eta hainbat pertsonek – gazte jendeak, batez ere – Aitortzaren bitartez Kristo berraurkitzea nahi izatea. Ordura arte ikusi gabea nintzen aitortzeko horren ilara luzeak. 2000ko abuztuaren Nazioarteko Gazteentzako Eguna urte horretako gailurretako bat izan zen. Nire ustez, Aita Santuarentzat zerutik jaitsiriko oparia izan zen. Gazteei begira jarrita eta Joan Paulo II.arekin bat nola egiten duten ikusita, itxaropenez betetzeko dela uste dut: beren garaikideek eman ezin dezaketen zerbaiten egarri dira; Aita Santuarengan, beren estuasun eta beldurren erantzuna aurkitzen dute. Erromako Aitak etorkizunari aurre egiteko baikortasuna ematen die. Teologiako lehen zikloa Erroman bukatutakoan Iruñera itzuli nintzen, Nafarroako Unibertsitatean Zuzenbide Kanonikoko espezialitatea ikastera. Orain nire doktoretzako tesian lan egiten ari naiz, Ondare-Zuzenbide Kanonikoari buruz.

Zertan datza diakono izatea?

2004ko azaroan diakonotza hartu dut, Javier Echevarria Opus Deiren Prelatuaren eskuetatik. Maiatzaren 21ean, Jaungoikoa lagun, apaiztua izango naiz Erroman. Nire apaiztea bere apaiztearen 50 urteurrenarekin egokitzea zori handia da niretzat.

Egun horretarako prestatu bitartean eta diakono bezala nire lehen urratsak ematen ditudan bitartean, Jaungoikoak aurrerantzean niretzako prestatua daukana hausnartzean berotu egiten naiz. Eguberritan, Meza Santuan parte hartu ezin zuten Klinika Unibertsitarioko gaixoei Jauna eman ahal izan diet. Jaunaren Gorputza debozio handiz hartzen ikusi dut eta niretzat lagungarri izan da, Eukaristiarekin eguneroko harremanerako. Diakono batek egin dezakeen beste elizkizun bat Guztiz Donearekin Bedeinkapena da. Eukaristiaren Urtea dela eta, elizkizun hau egiteko gomendioa eman digu Aita Santuak. Jauna esku artean edukitzea, eskerrik asko emateko arrazoia da niretzat.

Nire belarrietan itzaltzen ez den oihartzuna da San Josemariak zioena: Opus Dein apaizgora iristen direnak, bere anai-arreben eta arima guztien zerbitzuan jartzeko dela eta horretarako bihotza lurrean jarri beharra daukatela besteek bigun zapaltzeko. Nire ministerioaren betebeharrengatik, alde batera utzi behar izan ditut nire gogoak eta horrek areagotu egin du nire poza, Jaungoikoarengandik harturiko deiarengatik. Mundu guztiari gertatzen zaion gauza da: horrela aitortu izan didate nire adiskideek beren familiak osatu eta seme-alabak etortzen direnean. Batzuetan nork bere burua gehixeago ematea eskatzen badu ere, ordainetan eskuratzen diren pozak edozein neke arintzen dute.

Zein izan da familia eta adiskideen eragina?

Ondo gogoan daukat Derion zegoen Bilboko seminarioa. Gaztetandik harritzen nintzen han prestatu diren apaiz ugari direla eta, geroztik mundu zabalean Ebanjelioaren poza banatzen ari direnak. Azkeneko urteetan nire zenbait adiskide apaiztu egin dira. Nire ustez, garbi dago Jaungoikoa apaizen bila dabilela gaur ere, gazteen artean, eta askok guztia utzi eta berari jarraitzea erabakitzen dute. Familiaren jokabideak eragin handia izan dezake goi-deiaren mesederako. Nik neurean ikusi dudanez. Nire etxean izan da fedea helarazi zaidan lekua. Nire familia osoaren poza ikusi dut, apaiztu egin behar nuela jakin zutenean, eta nire ustez, edozein ama kristauarentzat pozgarria da bere seme bat Jaungoikoak deitua izatea. Ez da beldur izan behar, Aita Santuak esan du, gazteei bere burua osorik ematea planteatzeko, Jaungoikoak deitzen jarraitzen baitu eta hain gauza handirako aukeratzen dituenei bere grazia ematen dielako.

Boluntario moduan ere ibilia zara, Negubide gazte elkartean

Eta asko ikasi dut laguntzako elkarte batzuekin egindako lanean ere. Urte mordoska jardun dut boluntario bezala, beste pertsona batzuekin; beraiei esker bizitza hobe ulertzen ikasi dut, askotan uste duguna baino ezkutuago gertatzen zaiguna. Besteak eta beren beharrak gure aurretik jartzeaz ari naiz. Hainbeste urteen ondoren, egiaztatu ahal izan dut jarduera hauetan lehen aldiz parte hartzera berotu nindutenek errepikatzen zidatena: ematen duzuna baino askoz ere gehiago hartzen duzu beti. Hala ere, laguntza lanetan ezagutu nituen pertsona gehienak oso zoriontsuak ziren, haien egoera edozein zela ere.

Pena ematen dit gaur egungo gazte asko noraezean ikusita, zoriontasunaren bila, aurkituko ez duten lekuetan. Azalean zoriontsu, baina jakin gabe Jaungoikoak maite dituela, Kristo zain daukatela eta Elizak aintzakotzat hartzen dituela mundua zorionez betetzeko. Beharbada ez dute izan hau guztia era egokian nork irakatsirik edo agian aditu bai, baina entzungor egin zuten. Nire ustez, beharrizan mota honek inoiz baino gehiago eskatzen du kristauen ekinaldia. Ezin dut ahaztuta utzi Negubide, Getxoko familia elkarte bat: oso oroipen onak dauzkat gogoan eta adiskide minak mantentzen ditut. Han gauza asko ikasi nituen - estudiatzen, lagunekin gozatzen eta oso ondo pasatzen – eta kristau heziketa sendoa hartu ere bai, beste guztia errazago egiten zuena.

Parrokiak bere eragina izan du, dudarik gabe, ezta?

Bai, nire sinesmenaren hazieran leku garrantzitsua izan du nire parrokiak. Mesedeetako Andre Mariaren eliza nire etxetik bost minutura dago eta horrexegatik bere kanpandorrea nire haurtzaroarekin eta gaztaroarekin lotzen dut. Han eta beste elizetan (Madres Reparadoras direlakoak, Karmena, San Inazio, Trinitatearrak edo Santa Ana) Eukaristiara joaten nintzenean, ikusia dut apaiza asko bere bizitza emanez herriaren sinesmenak sendo iraun zezan, gora zihoan sekularizazioaren aurrean. Nire haurtzaroko oroipen garbienetako bat hantxe kokatzen da. Nire aitarekin Gurutz Bidean parte hartzera joan nintzen. Ez zegoen jende asko eta arnasten zen giroa atsegina zen. Apaizaren ondotik jarraitu nuen egonaldiz egonaldi. Inoiz ahaztu ez ditudan Nekaldiaren antzezpenak dira, eta une hartan jota utzi nindutenak.

Nabaria da bihotzean daukazula zure jaioterria

Opus Dein onarpena uztailaren 31 batean eskatu nuen, Getxoko patroia den San Inazio jai batean, hain zuzen. Oroipen ederrak gordetzen ditut eta nire betebeharrek uzten didatenean Bilbora joaten naiz. Txikitan, sarritan, nire aitarekin arrantzura joaten nintzen Areetako kaian geneukan ontzi txiki batean. Une ahaztezinak pasa ditut Abran, txitxarroak edo lupiaren bat harrapatzen, edo, besterik gabe, bakarrik tramonto romanorekin alderatu daitezkeen eguzki-sarrerak gozatzen. 1996an nire aita zendu zenean, Begoñako Andra Mariaren basilikara abiatu nintzen, nire ama eta anai-arrebekin. Han, Amatxoren eskuetan ipini nituen niretarren ardura eta nire bokazio bera. Harrezkero Bilbotik igarotzen naizenean, Amarengana joan-etorria egiten saiatzen naiz eskaera hura gogorarazteko eta dagoeneko egin duen guztiarengatik eskerrak emateko.

Bilbotik alde egin nuenetik – sei urte bete dira ia – ez diot utzi bakearen alde errezatzeari. Nengoen lekuetatik albisteak jarraitzen saiatu naiz, gure herriko jendeak bake hori lortzeko duen gogo berberaz.

Maiatzean, Diegorekin batera beste lagunak apaiztuko dira Erroman: Eduardo Diez-Caballero gasteiztarra, Iñaki Izco eta Jose Fernandez Castiella iruindarrak, eta Jorge Llop bilbotarra, besteak beste.